XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kontuari atera behar zion zuku guzia atera diola pentsatu du nonbait eta gizon zakurtuaren guraso nekazariekiko istorioari ekin dio.

Nekazari ezkor batzuren semea omen zen gizon zakurtua.

Gurasoak ezkondu zirenean, alokatu omen zuten orain berea duen baserria.

Duda muda ugari izan arren, erretore jaunari pentsamenduaren berri adierazi eta azkenean osasuna eta lana izanez gero aurrera aterako zirenak mugiturik, pausua eman omen zuten.

Familia izateko kontutan ere pentsamendu politak omen zituzten.

Jaungoikoak bidaltzen zizkien guztiak onartzea pentsatzen zuten baina hala ere, baserriari bira eman arteraino egokiagoa iruditu omen zitzaien erretore jaunari hitza eskatu eta ohe banatan etzatea, tentazioak baztertzeko.

Larrialdi, neke, negar eta estualdi ugari pasa ondoren baserriari bira eman omen zioten.

Eta orduantxe bakarrik ausartu omen ziren ohe batetan etzatea.

Etzanaldi honetatik sorturikoa omen da Mattintxo.

Mattintxok sortu zen egunetik gurasoak desagertu ziren arte beti kanta bera entzun omen zuen.

Aurten mondejuak egiteko porrurik ez dugu izango,
lehorteak aurrera jarraitzekotan;
ganadu janetako belarrik ere ez;
Txala ere gaixo jarri da eta albaitariak ziuraski ez du asmatuko zer duen;
uraren depositua zulatua dago eta lehenbaitlehen
hain garestia den berun berezi horrekin konpontzen
ez badugu egarriz hilko gara;
gaztainarik ere ez dugu izango gaizkilen batek heldu
gabeak arbolatik amiltzen bait ditu gu gosez akabatzeko asmoz edo; (...)
.